XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Oihartzabalek sugerentzia mailan utzitakoa, borobildu eta zehaztu nahi genuke, adibideen hezurmamiz gorpuztu eta haragitu.

Beste kontu bat da zertarako izango den hau.

Egia da ez digula lan honek egileak aitzemaiteko balio izango:

Egia erran, harrigarria da nola pastoralek beren berezko estiloa sortu duten, guztiz berezia.

Estiloa diot, zeren textuak beti anonimoak izateaz gain, den-denak molde berean eginak baitira.

Oso zaila da pastoralak irakurtzean autore baten aurkitzea: iduriko luke denak idazle berak eginak dituela (Oihartzabal, 1985, 86);

egia da ez ditugula beteko A. Garamendik jartzen zituen helburu zabalak.

Baina, egizak zirt edo zart zoro bat ere ez da gurea.

Egia bada eginez ahal duzuna, eginbide beharrena dela, hurrengo orrialdeetan etorriko den azterketaren ondoren, pastorala hobeki ezagutuko dugulako ustea dut.

Azken batean, Eginetik beti zerbait, eta ez eginetik deus ez.

Gure helburuak

Lan hau, egitasmo zabalago baten menpe aurkezten da.

Jakina denez, Euskal Filologia Sailak Ikerketarako duen egitarauaren barnean, bada bat Pastoralari zuzendua.

Ikerketa Sail horretan Pastoralaren inguruko hainbat lan egiten dira.

Eginbehar batzuk infraegitura alorrekoak dira: Pastoralak bilatu, aurkitu, mikrofilmatu, katalogatu, ahalik eta baldintza onenetan gorde...

Beste kasu batzutan, mikrofilmak transkribatu eta gordetzen ditugun pastoralen edizio kritikoak egiten saiatzen gara.

Pastoralen edizio kritikoak prestatzeko egitasmo bat eratu genuen orain urte batzuk.

Ekintza horren fruitu izan dira Edipa (Martin Bohoteguy, 1793), Clovis (Ezezaguna, 1799), Sant Alexis (Heguiaphal, 1850) eta Berterretx (Etxahun Iruri, Patri Urkizuren arabera, 1956. urtean eszeneratua).

Ikusten denez hiru pastoral klasikoak dira, eta laugarrena modernoa.

Aukeraketa ez da bat-batekoa izan, baditu arrazoiak barnean.

Batetik, lau gai desberdineko pastoralak dira: klasikoa, antzinekotasun profanoa, hagiografikoa, eta euskal historiakoa.

Bestetik, hiru klasikoak dira, eta bat modernoa.

Aro biren artean diren desberdintasunak ikusi nahian jo dugu bide horretatik.

Hauen azterketa estilistikoa egin dugu, gure lan hau testuen argitarapen kritikoaren eraskin gisa agertzen delako, egitasmo zabalaren pean.

Azterketa estilistikoa egin ondoren, pastoralaren idazkeraren irudi orokor bat ematen saiatu gara.